XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Idealismoz ere mozorrotu ohi da.

Hauxe harrigarriena: sarritan gure ideal egoistak beste gizakumeetan kokatzen ditugula, errentan.

Zergatik ezarri nuen nik neure idealen zati haundi bat Garbinen baitan? Gauzarik xinpleenak dira zailenak azaltzen.

Garbine nigandik beste aldeko muturrean zegoen.

Nire etsipena, sinesgabea, bihotz gogorra, ironia, Garbinen ondoan eraman errazago egiten zitzaizkidan.

Gauzaren bat oker egin ondoren edo neure buruarekin izaten nituen eztabaidetan, kontzientziaren azpian ahots kontsolagarri batek beti esan ohi zidan: Bai, motel, bai, denok ez zarete berdin.

Garbine Manu Zatarekin hasi zenetik, ordea, gero eta nere antzekoago bihurtzen ari zen.

Bizia garratz iruditzen hasi zitzaion.

Gizarteko bazter guztietan aurkitzen zuen erauzi beharreko bidegabea.

Ezbeharrik txikienei ere azalpenak eskatzen ikasi zuen.

Lehenagoko neskatxa alaia, bihoztia, uzkur eta petralaren antza hartu zuen.

Harrigarria! Denbora laburrez pesimismoaren maistra egin zen.

Nireganako maitasuna ez zitzaion hoztu; beste kolore batez jantzi bai, ordea.

Ni lehen bezala bere neba maitea nintzen.

Nik uste, mundu honetan ez zuen inor ni baino maiteago, Manuel Zata ez bazen.

Nigan akatsak bilatzeari ekin zion, baina, dentistek aginetan zuloak bezain sutsu.

Niganako sumatzen zuen maitasunak akats horiek nigandik kentzera behartzen omen zuen, ni gazte itzalgabea izan nintekeen eta.

Nik horren garbi ikusten nuen munduko ustela errazegi eramaten omen nuen.

Horrenbeste kualitate izanda, alferrik txahutzen omen nintuen, (...).